Akuikulturak azken hamarkadan mundu mailan izan duen garapena itzela izan da eta, honek, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) moluskuen akuikultura burutzeko nahia piztu du. Gaur egun, muskuiluak ekoizten berriki hasi den akuikultura eremu bakarra dago EAEn, itsaso zabalean kokatuta, Mendexako kostaldearen aurrean. Hala ere, sektorea gehiago garatzeko helburuz, beste aukerazko kokaleku batzuk planteatu dira, Mutrikuko portua adibidez. Gauzak horrela, ezinbestekoa da eremu honetako fitoplanktonaren azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, gizakiongan toxikotasun eragile nagusia baita. Azken urteotan, Mendexa eta Mutrikun, bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren zenbait ikerketa burutu dira, bertako komunitate naturalek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Ikerketa hauetan fitoplankton komunitatearen ugaritasuna eta osaketa aztertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina kontzentrazioa ere neurtu zen. Diatomeoak eta haptofitoak izan ziren Mendexa eta Mutrikuko komunitate fitoplanktonikoen talde nagusiak, dinoflagelatuen aldizkako agerpenekin batera.Honenbestez, fitoplankton komunitate hauek muskuiluen hazkuntzarako kalitate nutrizional onuragarria daukatela ikusi da, talde nagusiek gantz azido maila altuak azaltzen dituztelako.. Gainera, komunitateetan nagusitzen zen zelula-tamaina (2-20 μm) muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkorrerako aproposa da. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexa eta Mutrikuko a klorofila balioak oso baxuak dira, 0,5 μg/L inguruko kontzentrazioekin. Halaber, itsaskien toxikotasun arriskua adierazten duten zelula ugaritasun eta toxinen kontzentrazio mugak hainbat aldiz gainditu ziren bi eremuetan. Dinophysis da generorik arriskutsuena, Mendexan bereziki, non genero honen eta bere toxinen (azido okadaikoa) kontzentrazioa handiagoa den. Honenbestez, beharrezkoa da fitoplankton azterketekin jarraitzea, toxikotasun-arrisku posibleak hauteman eta kontrolatzeko.