Biomolekulen eta ioien detekzio sentikorra eta eraginkorra premiazkoa da biomedikuntzan, ez soilik prozesu biokimikoak aztertzeko, baita gaixotasun mekanismoak ulertzeko eta sendagaiak bilatzeko ere. Eskuragarri dauden detekzio tekniken artean, luminiszentzia baliabiderik aproposenetariko bat da informazio kimiko hau lortzeko seinale analitiko bezala sentikortasun eta espezifikotasun ezin hobea bermatzen baitu. Fluoreszentzia aldaketei jarraituz aztertu beharreko molekularen presentzia detektatzeaz gain, bere kantitatea ere kuantifika daiteke. Beraz, koloratzaileen kimika moldakorraz baliatuz, sentsore fluoreszenteak gara daitezke kromoforo bati aproposa den hartzaile espezifikoak lotuz. Lan honetan, holako sentsoreak diseinatzeko kontuan hartu behar diren irizpide orokorrak aipatzen dira. Azken hau agerian jartzeko, BODIPY koloratzailean oinarritutako bi sentsore fluoreszenteak, katioiak eta aminoazidoak detektatzeko gai direnak, deskribatzen dira. Euren presentzia eta kantitatea aztertzeko fluoreszentzia ahalmena eta kolore aldaketa jarraitzen da, hurrenez hurren, biak begi bistaz erraz behatzen diren fenomenoak izanik.