Medikamentuek naturan duten inpaktua geroz eta interes handiagoa pizten duen gaia da. Ezaguna da medikamentuak eta hauen hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusiena kontsumoarekin, eta ondorioz ematen den iraizpenarekin dago erlazionatuta. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmakokutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada horren adibideetako bat da. Bestalde, uraren erabilgarritasuna, saneamendua eta higienea giza eskubideak badira ere mundu osoko biztanle guztiek ez dituzte bermatuta. Artikulu honetan Garapen Iraunkorreko 6. Helburua (GHI), hots. ur garbia eta saneamendua, eta bere erronkak aztertuko ditugu farmakokutsaduraren ikuspuntutik, konpondibeak aztertuz. GIHek garrantzi berezia dute garapen-bidean dauden herrialdeetan, eta horiek dira, hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenak. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko“One-Health” ikuspuntua bultzatu beharra dago, osasun bakarrean bateratuz gizakiona, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta arazoari aurre egiteko medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana nahitaezkoa da.. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko lekuan-lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontutan hartzea beharrezkoa da.