Azala gizakion organorik handiena da, eta bertako lesioak, hala nola, erredurak, gizartean geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Erredurak hainbat kausaren ondorio izan daitezke, eta oro har, lesio hauetan azaleko geruzak—epidermisa, dermisa eta/edo hipodermisa— kaltetuko dira; zenbait kasutan baita bestelako organo batzuk ere. Lesioak arinak badira, tratamendu berezi gabe sendatuko dira. Baina, larriak diren kasuan —lan honetan aztertuko direnak— tratamendua eraginkorra izan dadin terapia berezietara jo beharra dago. Gaur egun, erredura larriak tratatu eta azalaren egitura berreskuratzeko, merkatuan hainbat terapia daude: injertoak, eta ordezko dermikoak, bai oinarri zelularrekoak zein oinarri zelularrik gabekoak. Guztiekin erreduren tratamendurako erabilgarritasuna frogatu den arren, oraindik guztiek hobekuntzarako tartea dutela ere ondorioztatu da. Hori horrela, terapia horietan oinarritutako berrikuntzak eta terapia edo teknologia berriak aztertzen ari dira, adibidez, ingeniaritza genetikoa, 3D bio-inprimaketa, nano-partikuletan oinarritutako teknologiak eta zelula ama-mesenkimaletan (MSC) oinarritutako terapiak. Hori dela-eta, lan honetan merkatuan dauden terapia desberdinen ekintza mekanismoak, bakoitza zein kasutan erabili daitekeen eta dituzten abantailak eta desabantailak azalduko dira. Desabantaila horiek —prezioa, eraginkortasuna eta produkzioa batez ere— hobetzeko jarraitutako pausoak eta ikerkuntzan dauden terapiak ere aztertu dira. Terapia berri hauen ikerketak urriak dira, eta erronkak ugariak dira. Hala ere, uste da ikerkuntza berriak erredura larriak tratatzeko eraginkorrak izango direla.