Ikerketa honen helburu nagusia da desgaitasunen bat duten emakumeek ariketa fisikoa (AF) egiteko dituzten arrazoiak eta oztopoak deskribatzea. Ikerketa honetan desgaitasun fisikoa, sentsoriala eta intelektuala zituzten 38 emakumek parte hartu zuten. Ikerketan parte hartzeko, parte-hartzaileek Motivos y Barreras para la Actividad Física y el Deporte (MBAFD) galdetegiari erantzun zioten. Emaitzei dagokienez, alde batetik, emakume parte-hartzaileek AFa egiteko izandako oztopo nagusiak, hauek izan dira: osasun-egoera txarra, desgaitasun bat izatea, bakoitzak norbere buruari denbora eskaintzeko gai ez izatea eta aditu egokien gabezia. Ariketa fisikoa egiteko arrazoiak arakatzerakoan, berriz, errepikatuenak izan dira ariketa fisikoa gustukoa izatea, sasoian egotea eta sozializatzeko nahia. Emaitza nagusien artean, osasun ona izateko ariketa fisikoaren programa bultzatzea funtsezkoa dela ondorioztatzen da.