Nazionalismo-ikerketen baitan kokatutako ikerketa honek euskal eta espainiar nortasunen erreprodukzio hutsal edo subliminala aztertzen du Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek erabiltzen dituzten Gizarte Zientzietako testuliburuen analisiaren bidez. Besteak beste Michael Billig-en nazionalismo hutsalaren tesiaz baliaturik, eduki-analisi kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu dira hiru argitaletxetako testuliburuak konparatzeko. Aurkikuntzei dagokienez, testuliburuek islatzen dute EAEko hezkuntza-sistemako ikasleek alfabetatze nazional ezberdin eta paraleloak bizi dituztela: argitaletxe gehienek nazionalismo espainiarra banalizatzen dute; Ikaselkar argitaletxeak, berriz, modu nazionalistan —eta ez erregionalistan— erreproduzitzen du euskal nortasuna.