Azterlan honek Haur Hezkuntzako etapan haurrek gauzatzen duten jolas sinbolikoaren eta generoaren arteko harremana ikertzea izan du helburu. Ikerketa honetako parte-hartzaileak Bizkaiko udalerri bateko ikastetxe bateko Haur Hezkuntzako bost urteko 15 haur izan dira. Gauzatutako ikerketa kualitatiboek genero-adierazpen desberdinak identifikatu eta hauek haurren garapenean izan dezaketen eragina ondorioztatu dute. Haur Hezkuntzako haurrek jada genero-rolak eta genero-estereotipoak barneratuta dituztela egiaztatu da. Esaterako, genero zehatzei lotutako rol eta estereotipo desberdinak plazaratu eta txokoen zein mozorroen aukeraketan hautaketa bereiziak eman ziren egindako behaketetan.