Erabiltzailearen zereginak errazten dituzten sistema informatiko ugari erabiltzen dira, bai arlo profesionalean, baita arlo pertsonalean ere. Hala ere, kasu batzuetan erabiltzaileen beharren eta sistema informatikoak eskaintzen dutenaren arteko distantzia handia da. Artikulu honetan web-scraping teknikarekin sortutako bi azpiegitura informatiko deskribatu dira, jatorrizko beste azpiegitura batzuen funtzionalitatea hobetu dutenak. Alde batetik, Xerka Online aplikazioak ikerlarien curriculum vitaearen (CVaren) sortze- eta mantentze-lana errazten du, ikerlariek egin behar izaten duten ataza nagusia modu automatizatuan eginez: argitalpenak bilatu eta horiei dagozkien kalitate adierazle (eragin-faktore eta aipamen kopuru) eguneratuak ezarri. Minerva aplikazioak, ordea, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan egiten diren kalitate-txostenak kudeatzen ditu. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) GAUR web-aplikaziotik automatikoki jaisten ditu itxitako aktak, jarritako kalifikazioen estatistikak kalkulatzen ditu, eta maila ezberdinetan egiten diren txostenak batzen ditu. Bi aplikazioen abantaila nagusiak lan horiek egiteko behar den denboraren eta giza-akatsen murrizpena dira.