Larrialdi klimatikoarekin batera, egungo krisialdi globalaren adierazle kezkagarrienetariko bat biodibertsitatearen galera da. Azken honi aurre egiteko, biodibertsitatearekiko jarrera eta honekin erlazionatutako ezagutza giltzarri dira. Izan ere, nekez kontserbatuko da ezagutzen ez dena. Egungo haur eta gazteek dira, etorkizuneko helduak alegia, larrialdi honen inguruan erabakiak hartu beharko dituztenak. Hala, hauen biodibertsitate ezagutza ikertzea beharrezkoa da hezkuntza estrategia egokiak diseinatzeko. Lan honetan, egungo Hego Euskal Herriko haur eta gazteen (11/12-16/17 urte bitarte) espezie alfabetatze maila diagnostikatzen duten ikerketen emaitzak aztertu dira. Zehazki, ikasleek espezieekiko duten ezagutza zabala (identifikazio eta izendapena) aztertzen duten lanak arakatu dira, azaleko ezagutza hau ezagutza sakonaren iragarle zuzena baita. Lanok iradokitzen dutenez, etorkizuneko belaunaldien bertoko espezieekiko kontzientzia oso eskasa da, eta landareekiko itsutasuna hedatua dago haien artean. Gainera, animalia karismatiko eta etxekotutako landareenganako isuria dute. Animalien artean ugaztunak dira ezagunenak, animalia talde mehatxatuenei (anfibioak esaterako) muzin eginez edo bioaniztasun handikoak (ornogabeak orokorrean) alde batera utziz. Landareen kasuan, loredunen ugaritasun eta erakargarritasuna dela-eta, haiek dituzte batez ere gogoan, gramineoak ahaztuz. Emaitzek agerian uzten dute baita haur eta gazteen bizilekua zenbat eta txikiagoa edo landatarragoa izan, espezie autoktono gehiago identifikatu eta aipatzen dituztela. Ondorioz, halabeharrez biodibertsitatearen hezkuntza naturarekin harremanetan eta zientzia praktikak erabiliz irakastearen beharra azaleratu da, irakasleen formakuntza gako izanik bide horretan.