Hedabideek zabaltzen duten informazio okerrak bi jokabideri erantzun diezaieke: misinformation, informazio faltsua oharkabean zabaltzeari, eta disinformation, informazio faltsua sortu eta zabaltzeari. Feminismoari dagokiola, hedabideek mugimendu politikoaren une fundatzaileak diren gertakariak oker zabaldu dituzten ala ez aztertzea du helburu lan honek: «feminismo» berbaren sorrera, Martxoaren 8aren jatorria eta AEBko olatuen kontaketa. Horretarako, iturri zuzenetara eta dokumentazio-zentroetara joz, gertakarien kontaketa egiaztatu eta Euskal Herriko hedabideek (euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz) eman dituzten albisteekin alderatuko ditut. Ikerketa-lan honen ondorio nagusia da euskal hedabideek zailtasun nabaria daukatela AEBn sortutako informazioak egiaztatzeko. Aldi berean, hedabideek ez diete euskal feminismoaren ezaugarriei heldu, kasu bakarrean soilik: Martxoaren 8aren jatorria 1889ko Bilboko emakume puru-egileen grebarekin lotzeko. Oinarririk gabeko datu horrek, baina, argi utzi du gaztelaniazko hedabideen intentzionalitatea ez dela izan informazioa egiaztatzea, albiste deigarria nabarmen zabaltzea baizik.