Medikuntzaren arloan egindako aurrerapenak direla eta, pertsonen bizitza-luzera handitzen ari da. Errealitate berri horrek gizarte- eta belaunaldi-aldaketak dakartza berekin, eta horrenbestez, belaunaldien arteko distantzia. Gogoeta horiek kontuan hartuta, belaunaldien arteko harremanek zeregin garrantzitsua dute gizarte-kohesio handiagoa sustatzeko orduan, belaunaldien artean espazio partekatuak sortuz, belaunaldien arteko urruntasuna murrizteko. Belaunaldien arteko harremanak erraztuko duten espazio berrien sorkuntzak unibertsitateko ikasleengan izan ditzaketen eraginetan arakatzeko asmoz, ikerketa honen helburu nagusia Bilboko Hezkuntza Fakultatean Hartu Emanak erakundearekin batera 2019/2020 ikasturtean antolatutako belaunaldi arteko topaketetan parte hartu duten ikasleen ahotsak jasotzea da. Helburu hau lortzeko metodologia kualitatiboa erabili da, aztergaiaren ulermen holistikoa eta soziala ahalbidetu duena. Era berean, ikuspegi gogoetatsua garatu da hausnarketa introspektiboen bidez parte-hartzaileen ahotsak bilduz (n= 17). Emaitzen arabera, unibertsitate testuinguruan gauzatzen diren belaunaldi arteko esperientziek ikasleengan eragin positiboa dute, ikasketa prozesua eta curriculuma aberasten baitute eta gizarte kohesioa ahalbidetuz.